XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Haur kondairak Garazi alden bilduak

Pettikal

Pettikal haurra

Pettikal mutiko kozkor bat zen, hamar bat urtekoa nunbaitan, nausia ohartu zitzaiolarik zein argia eta zainarta zen.

Negua zen eta goiz hotz batez delako nausi hori juan zen bere etxetiarra behar zuela mintzatu bere oihanerat ekararazteko egur egiterat.

Pettikalen etxea doit bat urrun zen eta zaldiz zohan gure gizona.

Bere oihanari behera badoa trist-trast, trist-trast.

Bihurgune handi batean iragan eta behere-behereko errekaren azantza nabari zen: to, biderdi diat Pettikalenerat

Trist-trast, trist-trast frustmusmus ari zen zaldia udiaren ahokoa hortzetan nastakatuz.

Heltzen da bai etxe hortarat.

Alartzean zalditik jeuts eta udi-hedea ehingolan zildraturik: Hela! egiten du ate-gainetik.

Ezkaratzera heldu zaio Pettikal.

Zer diok puttil? - Baa untsa bai ni, eta zu? Berri onez araiz?

- Alo! Elhaka ere untsa badakik puttikoa hik!

- Beste ontasunik ez dugu etxen eta den hau bederen guhaundako lantzen dugu...

Gure gizona harritua. Bainan jaun zaldunek ez dute sekulan harrituarena erakusten.

Ta baduka etxean norbait? - Bada, gizon erdi bat eta zaldi buru bat, dena salatzeko...

Erretzen zitzaion mihia jaunari, bainan i-xo!

Errak puttil, ta... aitatxi nun duk?

- Hori, behar ez den lekuan zilo egiten ari...

Nausiak zapela buruan ingura-erazten du, zaldiari ezkerreko eskuaz hetsburua kokotzpean tinkatuz. Zaldiak fruustmusmus... Sudur mizpirak dardarikarazten ditu, muturra goiti-beheitikatuz bizpahiru aldiz, eta gelditzen da beharri bat ezkaratzerat so ta bestea samatserat beha, begi beltz handiak.

Pettikali so dank.

Ortzaizkara zaldiaren betespal luzeak Pettikalek ikusten zituen higitzen klisk-klisk. Gibelago elur lipitzak dantzan haize gorrian, eta gibelago zuhamuen buharrak, eta gibelago lano zuriak, lasterka johaki zeruan.

Errak eta, ait'eta ama nun dira?

- To, Elkar hil ta tripa-kuzterat juanak errekarat.

Zaldiak alartzeko karrikan tunp-tunp bi ostiko eman zituen, ahokoa ahoan tilintinkatuz eta mihi gorri bat jaten balu bezela hortz horibeltz luzeen artean erakutsiz.